XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

...eta beste burutazio batzuen artean ondorengoak azaltzen ditu: hizkuntza bat eremu zehatz batean ofiziala izateaz zer ulertu beharko litzatekeen eta horren ondorioak (definizio horretara berriz ere itzuliko naiz); hizkuntzaren arazo honetan, Autonomia Erkidegoko Estatuaren organoei dagozkien arau mailak, tinko azaltzen duelarik horiek Estatuaren eskuduntzak direla eta ez autonomia erkidegoenak.

Ezaguna den bezala, honen ondoren alde batetik 1986-XI-25ko Dekretua onartu zen lehen aipaturiko 10/1982 Legea gauzatzeko; eta Estatu mailan, eta lanpostu batzuetan autonomia erkidego bakoitzeko hizkuntza jakitearen garrantziaz jabetuta 1990-VII-20 Agindua argitaratu zen.

Azken honen arabera, legedi guztia bermatzen saiatzen den eskubide horren barruan, eta Konstituzioaren 14. artikulua (berdintasunaren oinarria aldarrikatzen duena, edozein bereizketa mota debekatuz), eta 23. artikuluko aurrikuspenek errespetatuz, erkidego autonomo bakoitzean ofiziala den hizkuntzaren ezagutza bertan lan egiten duten funtzionarioei erraztea ezinbestekotzat jotzen da lanpostuaren arabera (jendaurrekoak batez ere, besteak ahaztu gabe).

Hiritarren hizkuntz eskubide horiek benetako edukina izan dezaten, funtzionarioek erkidego bakoitzean ofizialak diren bi hizkuntzen ezagutza eta erabilera ere arautu behar horrekin jarraituz, eta Juztizia Administrazioari begiratuz, Autonomia Estatutuko 34. eta 35. artikuluek erreferentzia zehatza dakarte.

Bertan agertzen den iragarpen hori, aurrerago azalduko dizuedan bezala, ez da bete.

Justizia Administrazioan mugitzen diren eskuduntza eta funtzionario-sail ezberdinak

Justizia Administrazioaz mintzatzerakoan, epailearen irudia datorkio edonori burura, bertako funtzionamendu osoa gure erantzunkizun, ardura eta eskuduntza balitz bezala, eta harridura sortzen da gure ahalmenak zein mugaturik dauden jakitean.

Auzitegi edo epaitegi batean, batetik epailea edo magistratua dago (edo daude); bestetik, idazkari judiziala, funtzionarioak, mediku forentsea...

Ezin ditugu alde batera utzi, fiskalak, abokatuak eta prokuradoreak... eta zuzenean egitura honetan parte hartzen ez badute ere, ezta notario, errejistrariak etabar, azken hauen araudiak euskararen erabilera eta ezagutzaren obligazioa dela-eta (arlo honetan ezin dugu hauei buruz gehiegi hitz egin, bestela bukaezinak eta astunak bihurtuko liratekeelako ohar hauek).

Horrekin batera aldez aurretik idatziz datozen ereduak, informatika zerbitzuak, etabar aipatu beharko lirateke.

a) Estatuaren hirugarren boterea izanik, Aginte Judizialaren Kontseilu Orokorraren menpe (nolabait esateko) gaude epaileok, eta organu horren bidez sustatu eta onartutako araudiek oso gutxi aurreratu dute aztertzen ari garen gai honetan.

Guri dagokigun 1985/6 Lege Organikoko 341. artikuluan bi hizkuntza dauzkaten erkidegoetako plazak betetzeko elebiduna izan eta Zuzenbide Foralaren edo bertakoaren ezagutza kontutan hartuko direla esan ondoren, baldintza zehatzak araudi bidez arautuko direla zehazten da.

Hori mamitu nahirik, Kontseilu Orokorrak akordio bat onartu zuen...